IGOR BILBAO PEREZEK ESTREINATU MTB DENBORALDIA
Igor Bilbao gure txirrindulari hondarribitarrak dagoeneko 2023 MTB denboraldia estreinatu du. Azken bi asteetan Alakant aldean ospatutako bi nazioarteko lasterketetan parte hartu du eta igande honetan bere taldekideekin batera Chelvako HC mailako UCI lasterketan arituko da. Denboraldi hasierara indartsu iristeko helburuarekin bi hilabete oso pasa ditu Benidorm aldean entrenatzen eta txirrindularitza bere bizitzaren erdigunera eramanda. Berarekin hitz egin dugu esperientzia hau ezagutzeko helburuarekin:
“Lehenengo asteetan Euskal Herritik etorritako beste txirrindulari batzuekin izan nintzen entrenatzen eta bizitzen eta orain azkeneko astean bakarrik ari naiz. Bakarrik ondo antolatzen naiz, ez da lehenengo aldia eta dinamika onak jarraitzen ditut. Ia egunero ateratzen naiz bizikletan ibiltzera, lagunekin edo bakarrik. Eguraldiagatik etorri naiz hona, abenduan Euskal Herrian eguraldi ona izan genuen baina inoiz ez dakizu horrek zenbat iraungo duen. Gurasoekin hitz egin nuen eta hona etortzeko apostua egin nuen gainera denboraldiko lehenengo hiru lasterketak hemen ospatzekoak dira.
Lehenengo lasterketa Ibin (Alakant) izan zen. Erritmo onarekin atera nintzen baina lurrera joan nintzen beste txirrindulari batek harrapatu nindunean eta hasiera batean ondo sentitzen nintzen arren, gero erabaki nuen onena gelditzea zela min gehiagorik ez hartzeko.
Hemen ospatzekoak diren hiru lasterketa hauek UCI mailako lasterketak dira eta denboraldi hasieran gaudenez, partaidetza maila oso ona dute puntu asko banatzen baitituzte; lehenengo biak C1 mailakoak dira eta Chelvakoa HC mailakoa izango da. Lehenengo sentsazioak onak izan dira eta Eliteekin batera ateratzen garen arren, 23 urtez azpikoekin alderatuz oso ondo ikusi dut neure burua. Denborak ikusita lehenengo lasterketetan aurreko txirrindularien erritmoa nuen baina atzean atera nintzenez (azkenetarikoa) trafiko handia topatu nuen erremontatzeko. Chelvan espero dut zorte handiagoa izatea eta neure erritmoa ondo erakutsi ahal izatea.
Valentzia aldeko hiru lasterketa hauen ostean etxera itzuliko naiz. Espero dut helburua betetarekin itzultzea, hau da, UCI puntuak lortzea datozen lasterketetarako. Hemendik aurrera Andorrako Munduko Kopa jarriko dut begibistan, nire helburu nagusietakoa da bertan izatea. Aurten oso ondo sentitzen naiz eta estatuko onenen pare egon naiteke eta nazioarteko egutegia ondo egin. Oso ondo prestatu dut aurtengo denboraldia, martxoan eta apirilean urteko lasterketa garrantzitsuenetakoak izango ditut. Martxoak 5ean Portugalen izango naiz beste UCI lasterketa batean, puntu bila Espainiako Kopa alde batera uzten dudan arren. Aurten finkatuta ditudan helburuekin UCI puntuen beharra ezinbestekoa da.
Aurten txirrindularitzagatik apostu sakona egingo dut, helburua profesionala izatea da. Pixkanaka pixkanaka hobetzen joan behar naiz, nire bigarren urtea izango da 23 urtez azpikoen mailan eta oraindik asko daukat lantzeko, orain artekoa ibilbide laburra izan bada ere, etengabe goraka joan naiz. Oso dinamika ona ditut, irailean hasi nintzen eguneroko jardunak lantzen eta egunero ordutegi berdinak mantentzen ditut, dietak zorrotz jarraitzen ditut… disziplina ezinbestekoa da. Hori garrantzitsuena da, estrikto izan behar zara maila gorenera iristeko.”